Ikastola Eredua

Proiektu herritarra, irabazi asmorik gabea, burujabea eta nazionala

1500 ikaslek, 1000 familiak eta 180 profesionaletik gorak osatzen dugu Ikastola. Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba gara. Herrikoa eta parte-hartzailea, beraz.

Bazkideek osatzen dute Ikastola eta haiek marraztu bere ibilbidea. Hala nahi duen bazkide zein guraso orok du horretan parte hartzeko aukera. Urteko Batzar Orokorra, Artezkaritza Kontseilua, Hezkuntza Batzordea, Guraso Batzordeak zein askotariko beste hainbat batzorde dira horretarako organoak. Ikastolako erabaki estrategikoak organo horien bitartez hartzen ditugu, elkarlanean: guraso zein langileen artean eta Ikastolen Elkartearen proiektu eta material propioen gidaritza eta babespean.

Herritarrek osatzen dute, finean, Ikastola. Sortu ere hala egin zen, ekimen herritarrez. Herritarra eta herritarrentzako da Ikastola. Herrigintzatik jaio ginen eta herrigintzan dihardugu. Herritik sortu ginen eta herriari zor diogu garena, eta hari egin nahi diogu ekarpena. Gau Beltza, Euskararen Astea, Eguberrietako kantu-bira, Hezkuntza Astea, euskal inauteriak, Iñude eta Artzaien konpartsa, Maddalen jaietako taberna, udalekuak, ingeleseko B2 mailaren ziurtagiria lortzeko aukera, aisialdiko begirale titulua lortzeko ikastaroa… antolatzen ditugu herrian edota herritarrentzat, euskara eta euskal kultura zein hezkuntza eta formazioa hauspotzeko xedez.

Aitatu bezala, Orereta Ikastola Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide da. Euskal Herri osoko Ikastolek osatzen dugu elkartea. Hiru administrazio-eremutan banatuta bagaude ere, horrez gaindi, nazionala da gure proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan. Zubiak Eraikiz ekimena da gurean horren isla nabarmenetakoa. Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburuko Kaskarotenea eta Orereta Ikastolok elkarlanean sortu eta aurrera daramagun proiektua da Zubiak Eraikiz. Muga administratiboez gaindi, Ikastolen, irakasleen zein ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea; elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea; eta Ipar Euskal Herriko Ikastolei sustengua eskaintzea dugu xede, besteak beste. Bere kokapen geografikoagatik ere, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko administrazio eremuetatik oso gertu egoteagatik, Orereta Ikastolak lanketa hori egiten jarraituko du etorkizunean ere.

Orereta Ikastola Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko kide ere bada. Elkarte honen xedea sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren Ikastolak zein proiektuak aurrera atera ahal izatea da. Horretarako, Ikastolen Elkarteko Ikastola guztiek ekarpen ekonomikoa egiten diogu Elkartasun Ikastolari.

Aipatu berri denaren haritik esan, Orereta Ikastolak bere beka-sistema propioa ere baduela behar gehien duten familiak laguntzeko. Izan ere, Ikastola denona da.

Eguneroko lanean, etengabeko hobekuntza da gure premisa

Ikastolaren eguneroko gestioa Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan (KAE) oinarritzen da. Lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako beharrezkoak diren hobekuntzak bilatzen eta bideratzen laguntzen digu horrek. Kudeaketa Aurreratuari diploma jaso du Ikastolak Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Etengabe hobetzea da gure premisa.

Etengabeko hobekuntza kudeaketan, baita pedagogian eta hezkuntzan ere. Irakasle-taldeak zein bestelako profesionalek etengabeko formazioa jasotzen dute haur eta gazteen hezkuntza-kalitatearen mesedetan. Aipatu, besteak beste, orientazio-departamentuak ditugula ikas-etapa guztietan, ikasleei oinarrizko konpetentziak eskuratzen nahiz norberaren proiektu pertsonala garatzen laguntzeko helburuz. Ikastolako beste profesionalekin, familiekin nahiz Ikastolaz kanpoko eragileekin jarduten dute elkarlanean orientazio-departamentuko kideek.

Horren guztiaren isla dira gure Ikastolaren emaitzak. Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean gaude. Ikaslearen arrakasta neurtzeko aldagai bakarra ez den arren, garrantzitsua da emaitza onak lortzea ere.

"Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba gara."

"Herritik sortu ginen eta herriari zor diogu garena, eta hari egin nahi diogu ekarpena."

"Hiru administrazio-eremutan banatuta bagaude ere, horrez gaindi, nazionala da gure proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan."

"Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean gaude."

Ezagutu gaitzazu

BULEGOA

Esmalteria Berriko (Koldo Mitxelena plaza, 6) nahiz Añabitarteko (Zamalbide auzoa, 14) bulegoan topatuko gaituzu hala behar duzunerako. 9:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:30era, eta 08:00etatik 16:00etara egoten dira zabalik, hurrenez hurren.


ATE IREKIAK (HHko haur eta familientzako)

Urtarrilaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz).

Esmalteria Berrian (Koldo Mitxelena plaza, 6), 18:00etan.


BAKARKAKO ELKARRIZKETAK ETA BISITAK (HH, LH nahiz DBHko haur, gazte eta familientzako)

Ikas-etapako zuzendariarekin bakarkako elkarrizketa hitzartzeko edota Ikastola ezagutzeko bisitetan parte hartzeko, deitu 943 52 03 97 telefono-zenbakira, bidali mezua matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ikas-etapa adieraziz) edo bete beheko inprimakia (sakatu "bidali").

BAKARKAKO ELKARRIZKETAK

IKASTOLA EZAGUTZEKO BISITAK