0-18 proiektu propioa

Pedagogia berritzailea

Hezkuntza ezinbesteko tresna da etorkizuneko jendartea eraikitzeko. Ikastolen Elkarteko ikas-material propioak eta korronte pedagogiko berriak aztertu, hausnartu, gure behar eta errealitatera egokitu eta abian jartzeko ahalegin etengabearen fruitua da Orereta Ikastolaren hezkuntza-proiektua. Proiektu propioa, haur eta gaztetxoen ongizatea oinarri eta autonomia helburu dituena.

Haur Hezkuntza (0-6 urte)

Zimendu sendoak, aurrera egiteko


Lehen urteak dira garrantzitsuenak haurraren garapenean. Horixe da gure premisarik handiena. Izan ere, haurrak etapa honetan hasten dira lantzen adimen-gaitasunak, nortasun-ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, eta sozializaziorako zein harremanetarako oinarriak, besteak beste. Zimendu sendoak eraiki behar dituzte gerora horren gainean altxatu ahal izateko, aurrera egiteko.

Orereta Ikastolak haur eskola zein bi urtetik aurrerako gelak eskaintzen ditu. Batean zein bestean, ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten dugu lan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta aritzen gara; bera da bere bizitzako protagonista, gu bere bidelagun gara. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogiak abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea dugu xede. Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazioak ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude. Zirkulazio librerako, harremanak garatzeko, autonomia lantzeko, senak dioena garatu ahal izateko… erabat berritu edota egokituta daude Ikastolako espazioak. Aurrerapauso hori eman dugun lehenak gara herrian.

Haur Hezkuntzan sarrera ordu malgua eskaintzen dugu, haurren zein familien erritmoak eta beharrak gehiago errespetatu ahal izateko helburuz.

Orereta Ikastola_Esmalteria
orereta ikastola_2 urteko gela
orereta ikastola_3 urteko gela

Espazioa, hezkuntza-beharretara egokitua

Orereta Ikastolako Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoaren oinarria haurren ongizatea eta konfiantza dira; haien autonomia, berriz, helburua. Haurra gaitasunez betetako pertsona dela eta ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita, behatzeko eta lan egiteko modu berritzaileak jorratzen ari gara. Bide horretan irmo aurrera egin ahal izateko, espazioak ere horri erantzuteko prest daude: Esmalteriako eraikina erabat eraberrituta dago eta Linokoa egiteko proiektua martxan da.

Ongizateak giro eta ingurugiro osasungarrien beharra du eta hori haurrek beraiek, familiek, profesionalek, materialek eta, batez ere, berdinekiko harremanek aberasten dute.

Jolasa da beste zimendu garrantzitsu bat. Haurrak airea bezainbeste behar du jolasa bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko. Jolasaren eta esperimentazioaren bitartez norberaren erritmoak errespetatzea lortzen da; autonomia, talde-lana eta harremanak aberasten dira, eta, guztiaren gainetik, haurrak bizitzan aurrera egiteko beharrezkoa izango duen konfiantza garatzen du.

Espazioen antolaketa funtsezkoa da horretarako guztirako, giro eta ingurugiro osasungarrirako zein jolaserako eta esperimentaziorako.

orereta ikastola_2 urte_psikomotrizitatea
Orereta Ikastola_Esmalteria_3 urte
orereta ikastola_esmalteria_espazio irekiak

Lehen Hezkuntza (6-12 urte)

Jakitetik jardutera, aurrera egiteko


Konpetentzietan oinarrituta egiten dugu lan. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin dugu jauzia. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Haurraren alderdi fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala eta afektiboa izaten ditugu kontuan Ikastolan: pentsatzen eta ikasten ikasten dugu, elkarrekin egiten, norbera izaten, eta ekiten nahiz egiten ikasten dugu. Finean, gaztetxoak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen ditugu, aurrera egiten ikasteko.

Ikaskide proiektua da gure lanaren oinarrietako bat: profesionalak zein ikasleak elkarlanean, elkarrekin, jardutea dugu xede; horretara bideratzen ditugu ahaleginak. Elkarrekin gehiago eta hobeto ikasten dela uste dugu. Finean, balio kooperatiboak bultzatuz, ikasle guztien ikaste-prozesua hobetzeko helburua duen berrikuntza proiektua da Ikaskide. Besteekin elkarlanean ikasiz, hainbat konpetentzia garatzea lortzen dute ikasleek.

Lehen Hezkuntzako azken zikloan, Ikastolek berariaz sortu eta garatutako EKI proiektuarekin egiten dugu lan. Proiektu berritzailea da EKI, konpetentzietan oinarritua eta integrazioaren bitartez Euskal Curriculuma garatzen duen proiektu berritzailea.

EKI proiektuak pertsonaren garapen osoa eta integrala du helburu. Egoera errealen aurrean, ikasleak egoera horretan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitzen dira, bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen dituzte, eta ikasi dutena egoera berrietan baliatzen dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan ere EKIrekin egiten dugu lan.

Aipatu, baita ere, konpetentzia digitalaren lanketa unitate didaktiko guztietan txertatu dela. IKTak hezkuntzaren zerbitzura jarri eta, haien bitartez, onura pedagogikoak indartu dira.

Horrez gain, behar berezi edota jakinak dituzten ikasleentzako programa eta egitasmoak daude martxan Ikastolan.

orereta ikastola_LH_matematika manipulatiboa
orereta ikastola_baratzea
Orereta Ikastola_anabitarte

Ikasgelak atari zabalean

Ikastola inguru berdean, mendialdean, egoteak konpetentziak ikasgelatik kanpo ere lantzen laguntzen digu.

Baratzeko proiektua da horren adibide. Ortuaren erritmoez ohartzeko, natura zein emankorra eta jakintsua den ezagutzeko, gure ingurua zaintzearen garrantziaz konturatzeko, lanabesak egoki eta zuzen erabiltzen ikasteko, euskarazko hiztegia aberasteko zein talde lanaren garrantziaz ohartzeko aukera bikaina eskaintzen digu Añabitarteko baratzeak. Autokonpostarako guneak ere badira Ikastolan.

KIVa programa, eskola-jazarpenaren prebentzio eta kudeaketarako egitasmo berritzailea

KIVa programa bullying edo eskola-jazarpenaren prebentzio eta kudeaketarako egitasmo berritzailea da, jazarpenaren beraren eta haren mekanismoen gaineko punta-puntako ikerketak egin eta baliatuz Finlandiako Turku Unibertsitateak garatua, herrialde hartako Hezkuntza eta Kultura Sailaren babesarekin.

KIVan ekintza orokorrak eta berariazkoak uztartzen dira. Lehenak (KIVa curriculum-a) ikasle guztiei zuzenduta daude eta jazarpenaren prebentzioa dute helburu. Berariazko ekintzak, berriz, jazarpen-kasuak hautematean jartzen dira martxan. Jazarpena kudeatzeko eta gelditzeko neurriak dira.

KIVak ikastetxe bakoitzaren egoeraren etengabeko jarraipena egiteko baliabideak eskaintzen ditu. Horiek horrela, programaren ezarpenaren eta haren emaitzen berri jasotzen dugu. Emaitzak positiboak dira.

Lehen Hezkuntzan hasi ginen KIVa programa lantzen eta, sendotzen ari dela ikusita, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere hasi da Orereta Ikastola programa abian jartzen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte)

Erabaki-gaitasuna, aurrera egiteko


Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, arlo kurrikularraren garrantzia ezagutu eta sakontzen dugu.

Konpetentzietan oinarrituta lan egiten jarraitzen dugu DBHn ere. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen, paradigmara egin dugu jauzia. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Gazteak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen ditugu, aurrera egiten ikasteko.

Horretarako, EKI proiektu berritzailean oinarritzen dugu gure lana. Ikastolek berariaz sortu eta garatutako proiektua da EKI, konpetentzietan oinarritua eta integrazioaren bitartez Euskal Curriculuma garatzen duena. EKI proiektuak pertsonaren garapen osoa eta integrala bilatzen du. Egoera errealen aurrean, ikasleak egoera horretan behar dituzten baliabideak bilatzen eta erabiltzen ohitzen dira, bakarrik nahiz talde-lanean, irtenbideak aurkitzen dituzte, eta ikasi dutena egoera berrietan baliatzen dute.

Badira urte batzuk EKIrekin lan egiten dugula. Emaitzak onak dira eta proiektua Ikastolara egokitzen dihardugu orain, proiektua gure behar eta nahietara egokitzen.

Aipatu, baita ere, konpetentzia digitalaren lanketa unitate didaktiko guztietan txertatu dela. IKTak hezkuntzaren zerbitzura jarri eta, haien bitartez, onura pedagogikoak indartu dira. Hori gauzatu ahal izateko, besteak beste, ikasle bakoitzak bere ordenagailu propioa du eta harekin egiten du lan ikasgelan. Horrez gain, Ikastola inguru berdean, mendialdean, egoteak konpetentziak ikasgelatik kanpo ere lantzen laguntzen digu.

Gazteak lan-mundura zein goi-mailako ikasketetara bideratzea da gure egitekoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, haien bidelagun izatea. Horretarako, orientazio-departamentuaz gain, beren bidea itxuratzen eta marrazten hasteko aukera akademikoa eskaintzen zaie ikasleei DBHko azken mailetan.

Aipatu, eskola-jazarpena ekidin eta kudeatzeko KIVa programa txertatzen hasia dela Orereta Ikastola Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere, Lehen Hezkuntzako emaitza positiboen bermearekin.

Ikasgela inklusiboak, aniztasunaren mesedetan

Behar jakinak dituzten ikasleei laguntzeko baliabideak dira pedagogiaren zutabe garrantzitsuetako bat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programa eta Curriculum Aniztasuneko Proiektua martxan dira. Horiei esker, behar jakinak edota bereziak dituzten ikasleak hobeto artatzeko aukera du Ikastolak. Ikasgela bakoitzak bi tutore izatea da ikasle eta familia orori arreta zuzenagoa eskaintzeko aukera ematen duen beste baliabideetako bat.

orereta ikastola_DBH_EKI proiektua
orereta ikastola_DBH_ikasgelak atari zabalean
orereta ikastola_DBH_teknologia berriak
orereta ikastola_DBH_laguntza

Batxilergoa (16-18 urte)

Azken pausoa, bizitzaren eskolan aurrera egiteko


Oiartzo Ikastolan amaitzen dute gure ikasleek Ikastolako ibilbidea. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak eta Orereta Ikastolak sortutako fundazioa da Oiartzo. 90. hamarkadaren amaieran ireki zituen ateak eta batxilergo euskalduna, kalitatezkoa eta aukera zabalekoa eskaintzea du xede. Haurtzaro eta Orereta Ikastolak bezalaxe, Oiartzo ere Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide da, kalitatezko euskarazko hezkuntzaren berme.

Ikasleekiko hurbiltasuna, jarraipen gertua eta ondorengo ikasketetarako zein ibilbide profesionalerako aholkularitza eta orientazio pertsonalizatua eskaintzen ditu Oiartzok.

Eleaniztasuna, ikas-bizitzan egindakoaren uzta

Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte lantzen da eleaniztasuna Ikastolan, euskara zutabe hartuta. Haur Hezkuntzatik lantzen da ingelesa, eta frantsesa hautazko irakasgaia da Bigarren Hezkuntzan. Egindako lanaren agiri ofizialak lortzeko aukera eskaintzen da Batxilergoan: HABEren 3. euskara-maila lortzeko prestaketa (AEKren laguntzaz) eta ingeleseko B2 titulua lortzeko Oxfordeko azterketa egiteko aukera (hala nahi duen herritar ororentzat irekia) eskaintzen dira, hain justu.

Orereta Ikastolako Ikasleen Irteera Profila


Ikastolaldia bukatzean, bere bizitzako edozein egoerari erantzuteko gaitasuna izango duen pertsona euskaldun, libre eta zoriontsuaren bidaide izan nahi dute Orereta eta Oiartzo Ikastolek.

Orereta Ikastola_irteera profila

Agian interesatuko zaizu honakoa ere...

Ezagutu gaitzazu

BULEGOA

Esmalteria Berriko (Koldo Mitxelena plaza, 6) nahiz Añabitarteko (Zamalbide auzoa, 14) bulegoan topatuko gaituzu hala behar duzunerako. 9:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:30era, eta 08:00etatik 16:00etara egoten dira zabalik, hurrenez hurren.


ATE IREKIAK (HHko haur eta familientzako)

Urtarrilaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz).

Esmalteria Berrian (Koldo Mitxelena plaza, 6), 18:00etan.


BAKARKAKO ELKARRIZKETAK ETA BISITAK (HH, LH nahiz DBHko haur, gazte eta familientzako)

Ikas-etapako zuzendariarekin bakarkako elkarrizketa hitzartzeko edota Ikastola ezagutzeko bisitetan parte hartzeko, deitu 943 52 03 97 telefono-zenbakira, bidali mezua matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ikas-etapa adieraziz) edo bete beheko inprimakia (sakatu "bidali").

BAKARKAKO ELKARRIZKETAK

IKASTOLA EZAGUTZEKO BISITAK