Zerbitzu eta ekintza osagarriak

Hezkuntza-proiektura bideratutako zerbitzu eta ekintza osagarriak

Zerbitzu eta ekintza osagarriez arduratzen diren profesional gehienak Ikastolako langileak dira eta, beraz, zuzeneko harremana dute pedagogia-proiektuan jarduten duten lankideekin. Zerbitzu eta ekintza osagarriak hezkuntza-proiektuan erabat integratzeko apustua egin du Orereta Ikastolak; ikasgelatik haratago, hezkuntza modu integralean lantzeko apustua, hain justu.

JANGELA | Sukalde propioa eta etxeko otorduak

Adin eta maila guztietako ikasleentzako jangela-zerbitzua eskaintzen du Orereta Ikastolak. Eta badu bereizgarri bat: otordu guztiak Ikastolako sukaldean bertan prestatzen dira. Bakarrak gara herrian hori eskaintzen. Menu bereziak ere prestatzen ditugu, hala behar duten ikasleentzat. Añabitarten dago Ikastolako sukaldea, berritua eta egokitua hori guztia gauzatu ahal izateko.

Jangelako begiraleek hezitzaile formazioa jasotzen dute. Izan ere, otorduak ere egitasmo pedagogikoaren barne hartzeko apustua egin dugu Orereta Ikastolan, batez ere ikas-bizitzaren lehen urteetan. Haur Hezkuntzako zaharrenekin JAN&ARI proiektua dugu abian. Jatordua eta jangela, ongi jateko espazioa izateaz gain, ikasleen dibertsio eta ikaskuntzarako eremu izatea lortu nahi dugu egitasmo horrekin; finean, heziketa-ingurune berri bat sortzea.

Orereta Ikastola_Esmalteria_jangela

GARRAIOA | Ikastolara heltzeko garraio-zerbitzua

Orereta Ikastolak garraio-zerbitzua eskaintzen du. Ohiko edo egungo autobus-zerbitzuak heltzen ez diren guneetako familiei edota kasuan kasuko behar edo egoerei erantzuteko prest gaude. Hori bada zure egoera, ez egin zalantzarik: jarri gurekin harremanetan.

ZAINTZA-TXOKOA | goizez zein arratsaldez

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako familiei zaintza-txokoa eskaintzen die Orereta Ikastolak. Goizetako zaintza 7:30etik 9:00ak artekoa izaten da. Arratsaldekoa, berriz, 17:00ak artekoa. Azken hau, arratsaldeko zaintza, Haur Hezkuntzan soilik eskaintzen dugu.

LHko ikasleentzako goizeko zaintza Linon (herrian) ere eskaintzen da. Autobusez igotzen dira haurrak Añabitartera (autobus-bidaiaren kostea ez du barne hartzen zaintza-zerbitzuaren zenbatekoak).

orereta ikastola_garraioa
orereta ikastola_zaintza

FAMILIA-TAILERRAK | elkarrekin eta elkarlanean, hobeto

Familia haurraren hezkuntzaren eta ikas-bizitzaren funtsezko zatia da. Hori horrela, Ikastolan lantzen diren proiektuen, metodologien zein gaien inguruko familia-tailerrak antolatzen ditugu, laguntza eskaini, familien zalantza eta galderak argitu, eta seme-alaben hezkuntzan elkarlanean aritzeko.

ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK | aukera ugaria eta anitza, hezkuntzaren osagarri

Hirutan banatzen dugu gure eskaintza:

Eskolaz kanpokoak

4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako askotariko jarduerak dira. Eguerdietan, bazkal aurretik edo ondoren, egiten dira ia denak. Lau eta bost urteko haurrentzat HH tailerrak eskaintzen dira, jarduera ezberdin ugari uztartzen dituen ekintza. LHn, aukera ugaria eta anitza da: xakea, zirkoa, euskal dantza, gitarra, ingelesa, sormena, antzerkia, programazioa eta robotika, jolasak eta psikomotrizitatea, hip hop… Urtero aztertzen da eskaintza asmo berriak txertatu eta proposamena eguneratzeko.

Eskola Kirola

8 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako kirol anitzeko jarduera da Eskola Kirola. Oarsoaldeko gainontzeko ikastetxeekin batera, aisialdian ere euskara sustatuz, kirol-ekintza ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera eskaintzen zaie neska-mutilei: euskal pilota, kirol egokitua, herri kirolak, eskubaloia, atletismoa, futbola, saskibaloia, errugbia…

Entrenamendu-saioak eguerditan edota arratsaldetan izaten dira. Saioak eguerditan ere eskaintzeko apustua egin du Orereta Ikastolak gaztetxo zein familiei Ikastolaz kanpoko beren jardunerako erraztasunak eskaintzeko helburuz. Aukera hori duen herriko ikastetxe bakarra gara. Entrenamenduak Añabitarten izaten direnez, garraio-zerbitzua izaten da arratsaldeko entrenamenduen ondoren herrira jaisteko.

Eskola Kiroleko begiraleak eta koordinatzailea Ikastolako bertako langileak dira. Hezkuntzarekin eta jarduera fisikoarekin lotura duten ikasketak dituzte guztiek.

Aipatutakoaz gain, 8 eta 16 urte arteko haur zein gazteentzat eta beren gurasoentzat asteburutako mendi-irteerak antolatzen ditu Ikastolak, Urdaburu mendizale elkartearen eskutik.

Udalekuak

Udako oporraldian ere aisialdirako aukera euskalduna eskaintzea da Ikastolako udalekuen helburua. 2 urtetik hasi eta 12 urte arteko gaztetxoei zuzendutako jarduera da eta erabateko lotura du Ikastolaren hezkuntza-proiektuarekin.

2-3 urteko haurrentzat hezitzailearen erreferentziak duen garrantziaz jabetuta, urtean zehar gurekin lanean egon diren hezitzaileak egoten dira haiekin, programazioa zein ekintzak haurren behar, nahi eta interesetara egokituz.

2 urteko haurrentzako gure udaleku-eskaintza bakarra da herrian. Ikastolako udalekuak irekiak dira hala nahi duen herritar ororentzat, ez Ikastolako kideentzat soilik.

orereta ikastola_xakea
orereta ikastola_zirkua
orereta ikastola_eskola kirola

Agian interesatuko zaizu honakoa ere...

Ezagutu gaitzazu

BULEGOA

Esmalteria Berriko (Koldo Mitxelena plaza, 6) nahiz Añabitarteko (Zamalbide auzoa, 14) bulegoan topatuko gaituzu hala behar duzunerako. 9:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:30era, eta 08:00etatik 16:00etara egoten dira zabalik, hurrenez hurren.


ATE IREKIAK (HHko haur eta familientzako)

Urtarrilaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz).

Esmalteria Berrian (Koldo Mitxelena plaza, 6), 18:00etan.


BAKARKAKO ELKARRIZKETAK ETA BISITAK (HH, LH nahiz DBHko haur, gazte eta familientzako)

Ikas-etapako zuzendariarekin bakarkako elkarrizketa hitzartzeko edota Ikastola ezagutzeko bisitetan parte hartzeko, deitu 943 52 03 97 telefono-zenbakira, bidali mezua matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ikas-etapa adieraziz) edo bete beheko inprimakia (sakatu "bidali").

BAKARKAKO ELKARRIZKETAK

IKASTOLA EZAGUTZEKO BISITAK