Orereta Ikastola

ZURETZAKO EGINA

Ongi etorri, aurrera. Orereta Ikastolan zaude. Herritik eta herrirako sortu ginen, zuretzako ere bai.

60. hamarkadan ireki genituen ateak, orain mende erdia baino gehiago, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako kalitatezko hezkuntza behar zela eta posible zela sinestuta. Egun, horretan sinesten jarraitzen dugu eta posible badela esan dezakegu. Hala erakutsi digu orain arte egindako bideak, emaitzak horren lekuko. 0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu euskalduna, nazionala eta burujabea da gurea, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia.

Aitzindariak izan ginen eta hala izaten jarraitzea dugu desio. Aurrera egin nahi dugu: pedagogia berritzaileak oinarri, Ikastola jendartearen beharretara egokitu eta horretarako prest izango diren pertsonak hezi nahi ditugu. Hezkuntza akademikotik haratago, pertsona baikorrak, berengan konfiantza dutenak, akatsei beldurrik ez eta haietatik ikasten dutenak, aldaketen aurrean kikiltzen ez direnak, ezintasunei aurre egiten diotenak, eta laguntza eskatu zein eskaintzen duten pertsonak heztea dugu xede. Pertsona biziak, aurrera egingo dutenak. Berezkoa dugu hori Ikastolok. Horixe egin dugu sorreratik gaur arte ere: Ikastola aurrera atera. Eta Ikastolatik pasatzen direnek ere bizitzari aurrez begiratzea nahi dugu, bizitzan aurrera egiteko modua baita hori.

Herri onurako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, Ikastolako komunitate osoaren elkarlanaren eta etengabeko ahaleginaren fruitua da hemen topatuko duzuna: Orereta Ikastolaren proiektua, denon artean egina. Denona eta denontzako; zuretzako ere bai. Sartu, aurrera. Gustu baduzu, zure etxean zaude.

Ezagutu gaitzazu

BULEGOA

Esmalteria Berriko (Koldo Mitxelena plaza, 6) nahiz Añabitarteko (Zamalbide auzoa, 14) bulegoan topatuko gaituzu hala behar duzunerako. 9:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:30era, eta 08:00etatik 16:00etara egoten dira zabalik, hurrenez hurren.


ATE IREKIAK (HHko haur eta familientzako)

Urtarrilaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz).

Esmalteria Berrian (Koldo Mitxelena plaza, 6), 18:00etan.


BAKARKAKO ELKARRIZKETAK ETA BISITAK (HH, LH nahiz DBHko haur, gazte eta familientzako)

Ikas-etapako zuzendariarekin bakarkako elkarrizketa hitzartzeko edota Ikastola ezagutzeko bisitetan parte hartzeko, deitu 943 52 03 97 telefono-zenbakira, bidali mezua matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora (ikas-etapa adieraziz) edo bete beheko inprimakia (sakatu "bidali").

BAKARKAKO ELKARRIZKETAK

IKASTOLA EZAGUTZEKO BISITAK